lunes, 24 de marzo de 2014

Gakoa ez dago ahoa ixtean, begiak irekitzean baizik.

Gipuzkoako Hitza. 14/03/21

Bizitza estilo osasuntsu bat eraman ahal izateko, ezinbestekoa da elikadura egokia izatea. "Eguneroko ekintzei aurre egiteko berebiziko garrantzia izateaz gain, elikadurak gaixotasun askoren prebentzioan eta tratamenduan ezinbesteko tokia betetzen du; beraz, adin guztietan zaindu beharreko zerbait da". Horrela azaldu du Judith Etxezarreta dietalari eta nutrizionistak (Zarautz, 1989) elikadura osasuntsuak duen garrantzia.

"Elikadura ezinbestekoa da gure bizitzan: zenbat eta egokiagoa izan, orduan eta bizi-kalitate hobea izango dugu". 
Urnietako Kaizen zentroan egiten du lan duela urtebetetik, Nerea Gomez psikologoarekin batera. 
Psikologia eta nutrizioa konbinatzen dituzte, eta kontsulta bakoitzean pazienteak psikologoa eta nutrizionistatik pasatzen dira: "Elikadura eta emozioak erabat erlazionatuta daudela uste dugulako sortu genuen bi espezialitate hauekin osatutako kontsulta".

Umetatik gustatu izan zaio elikaduraren mundua. "Oso interesgarriak iruditzen zaizkit elikaduraren inguruko gai guztiak. Horrez gain, betidanik argi izan dut jendearekin tratua duen lanbide bat izatea gustatuko litzaidakeela". Beraz, ikasketak aukeratzeko ordua iritsi zenean, Dietetika eta Nutrizioan diplomatu zen. Horrez gain, haurtzaro eta nerabezaroko elikaduran oinarritutako graduondokoa ere badu. "Karrera bat zena pasio bat bihurtzen ari dela esan dezaket".

Elikadura osasuntsua da pertsona bakoitzak bizitza osasuntsu bat eduki ahal izateko behar dituen beharrezko nutrizio eta energia eskaintzen dituen elikadura. Beharrezkoak dira proteinak, karbohidratoak, lipidoak, mineralak, bitaminak eta ura. Baina, gaur egungo gizartean, abiadura da nagusi, "presaka bizi gara", eta sarritan prestatutako janari industrialak erabiltzen ditugu. "Geroz eta gehiago kontsumitzen ditugu elikagai mota horiek, erosoa delako, eta goxoak eta batzuetan merkeak direlako. Baina osasuntsua izatearen ezaugarria falta zaio. Jendea korrika bizi da, eta ez du denborarik hartzen janaria prestatzeko. Beraz, irtenbide erraza izan ohi da janari industriala kontsumitzearena". Luzera begira, ordea, "ondorio kaltegarriak" ekar ditzake, "gizentasuna edo hiperkolesterolemia, esaterako".

Orekatua eta askotarikoa izan behar du dieta batek, ez gauza batetik gehiegi, eta bestetik gutxiegi: "Oso garrantzitsua da hori pazienteei azaltzea. Baita elikagai guztiek bere lekua dutela ere, neurrian kontsumituz gero". Horrekin batera, kirola egiteko tarte bat izatea ere gomendatzen du. "Argaltzeko dieta bat egiten ari diren pertsonei buruz hitz egiten badugu, dieta eta kirola eskutik emanda doaz, zalantzarik gabe".

Elikadura asko lantzen den gaia da, baina, hainbeste iritzi entzutearen ondorioz, elikadura egoki baten kontzeptua erabat nahasia dugula, dietalariaren ustetan. "Ongi jatearen ereduak milaka aldiz entzun ditugu, baina oraindik aplikatze bidean gaude". Dioenez, "egokiena ahalik eta elikagai naturalenak kontsumitzea da, ahalik eta gutxien prozesatuak eta dagokien urtaroan".

Arreta, bizi guztian

Eguneroko bizimoduak eragina du norberaren elikaduran; edozein bizitza estilo izanda ere, jateari arreta edo denbora eskaintzea beharrezkoa da, kontua ez baita zer jaten dugun soilik, baita nola jaten dugun ere. Gainera, elikadura bizitza guztian zaindu beharreko zerbait dela nabarmendu du: "Ez dugu gehiegizko kilorik edo gaixotasunik izan behar gai honi garrantzia emateko". Askotan, otorduen edukia aldatzea baino zailagoa jateko modua aldatzea; hala uste du.

Egun osoko otorduen banaketa oso garrantzitsua dela dio; gomendagarria da bost otordu egitea: "Gosaria, bazkaria eta afaria derrigorrean egin beharreko otorduak dira, eta, horrez gain, hamaiketakoari eta askariari dagokien garrantzia eman behar zaie. Egunak ordu asko ditu, eta gure gorputza azken finean makina bat bezalakoa da. Erregairik gabe ez du funtzionatuko edo egindako funtzioa erdipurdikoa izango da".

Psikologiaren garrantzia

Pertsona bakoitzaren ezaugarriak ezberdinak direla kontuan izanda, bakoitzari moldatutako dieta ezartzen die. "Lehenengo kontsulta ebaluazio kontsulta izan ohi da, eta horretan, pazientearen bizitza estiloa ahalik eta gehiena ezagutzen saiatzen gara". Ondoren datorrena pertsonaren araberakoa izaten da. Nutrizio arloan, pisua jaistera doazen pazienteei menu bat prestatzen die, eta pixkanaka jarraipena egiten die menuan aldaketak eginez eta pisuaren eboluzioa jarraituz. Psikologia arloan, berriz, pisua jaistea eta jaitsitakoari eustea eragozten duten faktoreen inguruan lan egiten dute. "Gakoa ez dago ahoa ixtean, begiak irekitzean baizik"

Kontsultara doazen gehienak emakumezkoak dira, eta adinari dagokionez, eremu zabala hartzen du.
Askotan dieta askok huts egiten dute, ez direlako kontuan hartzen arazoaren jatorrian dauden eta hari bere hartan iraunarazten lagun diezaioketen faktore psikologikoak. "Argaltzea ez da helburua, ondorioa baizik".

Euskaldunen ohiturez hala hitz egiten du: "Denetarik dagoen arren, oro har hitz egin beharko banu, jatun onak garela esango nuke. Jatea gustatzen zaigu, eta baita gauzak mahai inguruan ospatzea ere".

http://gipuzkoa.hitza.info/2014/03/21/gakoa-ez-dago-ahoa-ixtean-begiak-irekitzean-baizik/