viernes, 18 de octubre de 2013

Emozioak: Kontuan izan beharreko pisuzko arrazoiak





Gure helburu nagusiena argaltzea denean erabiltzen ditugun estrategiak gutxiago edo “garbiago” jan eta kirol gehiago egitea izaten dira. Horiek ez dira ordea, argaltzerakoan kontuan hartu behar ditugun gauza bakarrak. Izan ere, gutxiago jaten dugunean gure metabolismoa moteldu egiten da, ahal den denbora gehien iraungo duen energia izatea baita bere helburua. Horregatik gure gorputzarentzat ez da ona dietaz dieta ibiltzea, gure metabolismoaren ohiturak nahastu, eta guk nahi ez ditugun emaitzetara eramaten baigaituzte.


Zer emango zenuke argaltzearen truke?


Astakeri asko egiten dira etengabe saltzen diguten “gorputz ideala” lortzeko. Azken urteotan oso modan jarri dira elikagai talde edo mota bat oinarritzat hartzen dituzten dietak -Dukan, Atkins, Alkatxofaren Dieta edota Ananaren Dieta besteak beste-. Horiekin berehala galduko dugu pisua, baina etorkizun hurbilean hainbat arazo sor ditzakete, epe laburrean nabaritzen ez ditugunak hain zuzen. Hori dela eta, ez diogu behar adina garrantzia ematen.


      Nola galdu pisua era osasuntsu eta eraginkorrean?


Soberan ditugun kilo horiek –askotan guk uste baino gutxiago izaten direnak– kendu eta ohitura osasuntsu batzuk mantentzeko, modu egokian elikatzen ikasi behar dugu eta kirola ere maiztasunez egin behar dugu. Baina bada beste faktore bat aurreko biekin lotura estua duena: emozioak. Emoziek askotan dieta eta ohitura osasungarriak gureganatu eta mantentzea oztopatzen dute. Horregatik, komeni zaigu gure emozioak janariaren bidez ez kudeatzen ikastea. Egin ezean galdutako kiloak errazago berreskuratuko ditugu. 
 

Geroz eta ikerketa gehiagok baieztatzen dute pertsonen alde emozionala eta psikologikoa lantzearen beharra eta garrantzia. Orain dela gutxi Infocop-ek, Psikologiako aldizkari ezagunak, Consumer Report National Reseach Center-ek (Estatu Batuetako Kontsumitzailearen Ikerketa Zentru Nazionalak) egindako ikerketa bat argitaratu du. Bertan, pisua galtzeko garaian oztopo nagusiena emozionalki jatea dela ondorioztatu da.


Gehiegizko kiloak hartzearen atzean gainera, horren ezagunak zaizkigun antsietate edo depresioak egon daitezke.


Beste batzuetan antsietatea eta depresioa gainpisua edo obesitatearen ondorioz agertzen dira. Eta oso ohikoa izaten da ere “atrakoien nahastea” egotea gehiegizko pisu horren atzean. Izan ere, argaltzen saiatzen diren pertsonen erdiei eragiten die. Hemen, Bulimian bezala, atrakoiak daude, baina bulimian ez bezala, ez dago gehiegizko jate hori konpentsatzeko jokabiderik. Ondorioz, pertsonak loditzera jotzen du, bere gaizkiegon emozionala ere handituz eta arazoa mantenduaraziz.

Sozialki elikadura eta emozioen arteko erlazioa oso estua da.

Euskaldunon ohitura nagusienetakoa zerbait ospatzeko edo 

besterik gabe, lagunartean egoteko

"zerbait hartu" edo bazkari handi bat egitea da.
 
Gure harremanen oinarria da. Horren beste adibide argia, 

haurrekin dugu. 

Sari edo zigor bezala erabiltzen dugu janaria. Adibidez, jokaera 

desegokia badute postrerik gabe gelditzearekin mehatxu egitea 

eta  alderantziz. Guzti honek elikagaiekin harreman desegoki bat 

garatzea eta mantentzea errazten du.




Zer da emozionalki edo emozioen arabera jatea?


Gosea ez den bestelako behar emozional edo psikologiko bat asetzeko jateari deritzo. Askotan, aspertuta, haserre, triste, urduri, pozik, bakarrik… sentitzen garelako jaten dugu, hori ez zaigula komeni eta arazoak ere ez direla horrekin amaituko jakin arren. Gure burua engainatzera eta betetzen ez ditugun promesak egitera jotzen dugu askotan… Honi aurre egiteko lehen urratsa, jatera goazen une horretan pentsatzera gelditu eta jateko gogo horren zergatia bilatzea da (beti ere gure buruarekin zintzo jokatuz). Behin hori jakinda, gure egoerari aurre hartu eta irtenbide bat aurkitzea errazago izango da. 
 

Nolako eragina du genetikak?


Ez da erraza zehaztea. Egokiagoa da familia batean loditzeko egon daitekeen joeraz hitz egitea. Baina familian dauden ohiturek, kulturak, gizarteak, inguruak… eragin gehiago eduki dezakete. Beraz, arazoa aurreikusteko dugun gaitasuna askoz handiagoa da. 
 

Europa mailan Espainia da obesitate tasa handiena duen lurraldea eta mundu mailan, haur obesitate kasu gehiena dauden lurraldea da. Estatu mailan haurren %45ak gainpisua du, hau da, Elikadura Jokabide Nahaste bat garatzeko arrisku handiagoa dute nerabezaroan. Elikadura Jokabide Nahasteak (obesitatea barne), gaztetxoen artean ematen den bigarren gaixotasuna dira–lehenengoa asma da-.

Helduak gara haurren ohituren arduradun. Guzti hori kontuan izanda ezinbestekoa da neurriak hartzea. Guztion esku dago.

Argi dago beraz, alderdi psikologikoek garrantzia dutela gainpisuaren/obesitatearen sorreran eta mantenimenduan, eta horiek ezagutu eta lantzea beharrezkoa da. Hori egin ezean, pertsonak pisua jetsi eta 2-3 urtez mantendu dezake baina berreskuratzeko probabilitatea handiagoa izango da, konpondu ez dituen arazo batzuk edukiko dituelako eta edozein zailtasunen aurrean edo egoera zehatz batzuen aurrea, jate emozionalera itzultzeko edo berrerortze bat edukitzeko probabilitatea oso altua izango delako.

Hori guztia dela eta, ezin da ukatu argaltzeko eta ohitura osasuntsuak barneratzeko programa bat benetan eraginkorra izateko, elikadura osasuntsua eta kirolaz gain, emozioak kudeatzeko estrategiak erakusten dituen esku-hartze psikologikoa barneratu behar dituela.


Nerea Gomez eta Judith Etxezarreta (Kaizen-eko psikologa eta nutrizionista)

www. webkaizen.net

Facebook: https://www.facebook.com/pages/Kaizen/373526292744143

Twitter: @infokaizen: https://twitter.com/InfoKaizen

Artikuluaren Gaztelerazko bertsioa:
http://psikostima.blogspot.com.es/2013/10/emociones-razones-de-peso-para-tenerlas.html












No hay comentarios:

Publicar un comentario